XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

LIBURUAREN ESKEMA TESTURATZEN

IDATZI

13. Liburuaren eskema egin ondoren, eskeman idatzitakoak ondoko kontrol-zerrendak adierazten dizun eran lotzen joan.

Ondoren, emaiozu ikaskide bati irakur dezan.

Kasu egiezu berak eginiko oharrei.

ESKEMA TESTURATZEKO KONTROL-ZERRENDA

(Hemen adierazten diren puntuez gain, beste batzuk ere zehaztu irakaslearen laguntzarekin).

Kontuan izan zure entzuleek ez dutela liburua irakurri.

Jar zaitez haien tokian.

1. Zaindu ongi hasierako egoera, garbi ager daitezela ondoko hauek: nor, noiz, non eta zergatik.

2. Garbi ager dadila elementu abiarazlea, oreka apurtzen duena: zer dela eta nahigabetu, kaltetu, tristetu... den pertsonaia.

3. Garbi azal, batetik, pertsonaiak hartzen duen erabakia, eta bestetik, azken egoera (badu zerikusirik hasierako egoerarekin? desberdina da? zertan?).

4. Kontuan izan atzetik datorrenak aurrekoarekin zerikusia izan behar duela.

5. Honek, horrek... eta antzekoak erabiltzen dituzunean, oso garbi egon behar du zertaz ari zaren.

Irakurtzen duen edonork ulertu behar du, eta irakurle guztiek gauza bera ulertu behar dute.

Adibidez: Mikelek txakur bat zuen, berak biziki maite zuen

Kasu honetan zein da berak, Mikel ala txakurra?

Ikusten duzunez, ez dago garbi adierazita.

Hau da, hain zuzen, 5. puntu honetan azaldu nahi dizuguna.

6. Eskema egitean, zaindu egingo duzu ideiak elkarrekin lotzeko modua.

Lotzeko erabiltzen dituzun hitzak (hitz-multzoak) ahalik eta anitzenak izan daitezela.

Hona hemen adibide batzuk:

Sarrera egiteko

Behin.. / Antzina... / ...batez / ...egun batean

Erritmo-aldatzaileak

Berehala... / Bat-batean... / Halako batean... / Orduan...

Denboraren antolatzaileak

Aurreko egunean... / Aldi (garai) hartan... / Biharamunean... / Egun berean...